Zumaiena ikastetxea

Familia agurgarriak,

Gutun honen bidez, ikastetxeko hezkuntza komunitatea osatzen dugun partaide guztiontzat garrantzitsua den berri eman nahi dizuegu.

Ikasturte honetan utzi gintuzten ikastetxeko elkartea osatzen zuten zazpi ahizpek. Zumaiaren eta zumaiarren historian hain garrantzitsua den Vedruna Karmeldar elkarteak agur esan zigun. Baina orain dela 146 urte hasitako proiektua inoiz baino biziago dagoela gogoratu zuten. 1871.urtean zumaiarrek herriko giltza eman zietela aipatu zuten egin genuen ekitaldian eta gaur, egindako lan guztiaren ondoren, beraien etxeko giltza, gure ikastetxekoa, Zumaiako herritarroi, guri, entregatu ziguten.

Zumaiako historian mugarri nagusi bat ezarri da ikasturte honetan, ia 150 urtean egon diren Vedruna Karmeldar elkarteak agur esan baitigu baina amaiera bat baino, jarraipen indartsu bat dela irudikatzeko asmoz, ikastetxearen izena aldatzea erabaki da. Ikastetxeko langilegoaren, guraso elkartearen eta Vedruna instituzioaren (monjen) babes osoarekin bideratuko da eraberritzea.

Karmeldarrek zumaiarroi entregatu ziguten ikastetxeko giltza irudikatuz, Ikastetxeko proiektu hau gu guztiona dela adierazten da eta zer garen adierazteko zer hobea, guztiok ordezkatzen gaituen izen bat aukeratzea baino,  ZUMAIENA IKASTETXEA.

Izen berriarekin irekiko dugu irailean ikasturte berria. Orain dela 700 urte Santiago hondartzaren guneak zuen izena berreskuratzeaz gain, gure gaurko ikastetxe proiektuari indar handiago emango diogu.

Izen berria, Zumaiako euskararen kutsuz, hau da, zumaiarrez esatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarra eta doinua MAI-ri emanaz. zuMAIena Ikastetxea. Era honetara, gure bihurtuko dugulako. ZUMAIENA IKASTETXEA, ZUMAIARRENA!

Gure eskola egiteko eran beti izan zarete familiak garrantzitsu, baina momentu honetan duzuen garrantzia aldarrikatu nahi dugu Ikastetxeko zuzendaritza taldetik. Proiektu zoragarri bat dugu esku artean, gu guztion seme-alaben heziketa. Bide horretan elkar lanean jarraitu behar dugu eta izen berri honekin momentu historiko hau irudikatuko dugu.

Eskerrak eman Vedruna Karmeldarrei, gu guztiongan jarritako konfiantzagatik eta ikastetxeak gutxienez beste 150 urte gehiago iraungo duenaren konpromisoa aldarrikatzen dugu.

 

Gora Maria eta Jose Ikastetxea eta gora Zumaiena Ikastetxea!

Iragana eta etorkizuna, oraina, gaur eta guk, Guk dugu giltza!

 

IKASTETXEKO 1ZUZENDARITZA ETA GURASO ELKARTEA