GORA ZUMAIENA!

Ikastetxeko hezkuntza komunitatea osatzen dugun partaide guztiontzat garrantzitsua den berri bat eman nahi dizuegu.

Ikasturte honetan utzi gintuzten ikastetxeko elkartea osatzen zuten Vedruna Karmeldarrak. Ikastetxean bizi ziren zazpi ahizpek agur esan ziguten baina orain dela 146 urte hasitako proiektua inoiz baino biziago zegoela gogoratu zuten eta amaiera bat baino, ikastetxearen jarraipen indartsu baten aurrean geundela aldarrikatu zuten. Honen adierazgarri, ikastetxeko giltza Zumaiako herritarroi entregatu ziguten.

Giltza entregatzearen ekintzarekin, gaur egun ikastetxean martxan dugun proiektua gu guztiona dela azpimarratzen da eta 1871.urtetik abian dagoen proiektu batek ematen digun sendotasunean oinarrituz, Vedruna Instituzioaren, ikastetxeko langilegoaren eta guraso elkartearen balorazio eta babes osoarekin, ikastetxearen marka eraberritzea erabaki da, irailetik aurrera izen berria izango dugularik. ZUMAIENA IKASTETXEA.

Orain dela 700 urte Santiago hondartzaren guneak zuen izena berreskuratzeaz gain, gure gaurko ikastetxe proiektuari indar handiagoa emango diogu. Zumaiako herritarrez osatzen da gure proiektua eta zer hobeto, Zumaiako eta zumaiarren ikastetxea izanik, hori adierazten duen izen bat izatea baino. Izen berria, Zumaiako euskararen kutsuz, hau da, zumaiarrez esatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarra eta doinua MAI-ri emanaz. zuMAIena Ikastetxea. Era honetara, gure bihurtuko dugulako. ZUMAIENA IKASTETXEA, ZUMAIARRENA!

Eskerrak eman Vedruna Karmeldarrei, gu guztiongan jarritako konfiantzagatik eta ikastetxeak gutxienez beste 150 urte gehiago iraungo duenaren konpromisoa aldarrikatzen dugu.

Gora Maria eta Jose Ikastetxea eta gora Zumaiena Ikastetxea!

Iragana eta etorkizuna, oraina gaur eta guk, Guk dugu giltza!