Baratzako uzta

Guztiona den etxe eder honetan naturak eta lurrak ere badute beren lekua,  eta ez nolanahiko lekua, gainera! Lurra behar bezala gozatu eta prestatu ondoren, 2 eta 3 urteko haurtxoek izugarri gozatu dute barazkiak eta usain-belarrak landatzen: letxugak, azelgak, tomateak, berenjenak… Landare txiki-txikiak ziren hasieran, baina tarteka-tarteka ureztatu eta zaindu egin ditugunez … Zer-nolako ezustekoa! Letxugak hazi egin dira, azelgen hostoak ere handitu, tomate ale txiki berdeak ere agertzen hasi dira… Uzta jasotzea ere oso pozgarria izan da guztiontzat: lurrak emandako altxor goxoak etxera eraman ditugu, familian jan ahal izateko.

Datorren ikasturteari begira, gainera, gure eskolako sukaldea eta jangela ere berritu egingo ditugu: sukaldari bat izango dugu gure artean, gure inguruko nekazari eta abeltzainek ekarritako jakiekin errezeta goxo-goxoak prestatuko dizkigu. Gure baratza aurten bezain ondo zaintzen badugu, eskolako lurrak ere altxor ederrak oparituko dizkigu, eta auskalo zer plater eder prestatuko dituen gure sukaldariak haiekin!! Sormenaren eta gozamenaren abentura aurrera doa, eta gu, berriz, zoriontsu eta aske gure bidean.

https://youtu.be/Fqvzlu5eQQU