ALGORRI INTERPRETAZIO ZENTRORA BISITA

Apirilaren 27an,  3. DBHko ikasleak Algorri Interpretazio Zentrora bisita egin genuen. Bisita honetan bi ekintza desberdin egin genituen.

Alde batetik, gidari baten laguntzaz, ikus-entzunezkoa eta erakusketa iraunkorra bisitatu genituen. Ikus-entzunezkoak hamar minutuan Zumaiaren eboluzio geologikoa eta historikoa azaldu zuen. Erakusketa iraunkorreko panelen bidez Zumaiako ondare naturala ezagutzeko aukera izan genuen.

Bestalde, interes geologiko handiena duten puntuetatik zehar ibili ginen eta berauen esanahia ulertzen saiatu ginen. Munduko azaleramendurik garrantzitsu eta ikusgarrienetako den Zumaiako flyscheko sekretuak ezagutzeko aukera eman zigun irteera gidatu honek. Denbora geologikoan zehar bidaiatuz, mundu berri, ezezagun eta zoragarri bat ezagutzeko aukera paregabea izan zen.

Ibilbidean zehar, honako gaiak aztertu genituen: itsaslabarren dinamika, flyscharen sorrera, K/T muga (dinosauroen desagerpena). Lurraren magnetismoa, ziklo klimatikoak eta aldaketa klimatiko osagarriak, P/E muga (berotegi-efektuaren ondorioz gertatutako azken beroaldia), fosilak eta aztarna fosilak, itsas mailaren aldaketak, Pirineoen altxamendua…