5 URTEKO IKASLEAK… EKOGUNERA!

Konfiantzaren Pedagogiaren baitan, H.H.ko geletan proiektuzka lan egiten hasiak garela badakizue jada. Oraingoan, 5 urteko gelako ikasleak baratzaren gaia lantzen egon garela kontutan hartuz, eta proiektuari amaiera berezi bat emateko asmoz, EKOGUNERA  irteera bat antolatzea pentsatu genuen.

Martxoaren 23an, beraz, motxilak eta gure ilusio guztiak soinean hartu eta egun osokoa izan zen txangoa egitera abiatu ginen!

Autobusa hartu eta berehala iritsi ginen Ekogunera. Goizean bi tailerretan parte hartu genuen: Landare eta haziak ereiteko lurra sortu genuen lehenik (zizareen kaka eta guzti erabiliz!), eta ondoren haziak landatu eta hauen zaintzaren berri izan genuen. Hamaiketakoaren ostean, artoa aletu eta birrindu egin genuen… zertarako? Oiloei jaten emateko! Eta halaxe egin genuen gainera! Oso moko luzea zuten oilo horiek! Untxiari bisita egin ondoren, berriz ere, bazkaltzera! Eta bazkalostean… ikaragarri ederra den haur parkera joan ginen jolastera!

Egun zoragarria izan zen eta oso ondo pasa genuen! Dudarik gabe, proiektuari amaiera ezin hobea eman genion!